XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Astelenez, merkatu-egunez, izan ba, Gernika'ren kixkaltze negargarria, alik-eta ondamendi aundiagoa ta ikaragarriagoa izan eiten: alik geien il eta ondatu eta enpairuak bilurrikareaz ondatzeko.

Gogor ebillan gudea gure mendietan eta an ebillan gure gaztedia, jo ta kee, arerioen guda-tresna ugarieri, geure urritasunakaz, eutsi eziñik.

Zaarrak, neskatillak eta umeak bakarrik egozan etxeetan, bizimodua aurrera eroateko eta astelenetan Gernikara'tzen zirean euren salgaiakaz diru apur bat artu eta etxerako bear zirean gauzak zuzentzeko.

Orain goiz eta eberdi-aldian izaten dira merkatuko salerosketak, baña leenago, guda-aurrean, eberdi-inguruan asita arratsalde erdirarte izaten zan eta periara joaten zirean gizon eta mutillak gaberarte ibilten zirean: Jaia izaten genduan, ba, astelen atsaldea.

Suagen dunbotsak mendietan eta erriak goibel, albiste txarren bat noz elduko, beti artega, bizikera larria egoan errietan.

Gitxi zirean, ba, etxekoen bat, batzuk bi edo iru bere bai, guda-oñetan ez eukeezanak.

Esan dodanez, azoka-eguna izan zan, ba, Gernika ondatzeko autatu eben eguna.

Aspalditik egoan Gernika-inguruko errietan egunen baten egazkiñak erasoko eben bildurra gogoetan sartuta eta astelen atan etziran joan izan, merkatura beti joan oi zirean guztiak, egun atan zeozer txarra jazo leitekean ustez.

Goiz atan bonbak jaurti ebezan, ba, Aiangiz eta Mendata'ren bitartean dagoan Marmiz auzo-unean be eta Gipuzkoa-aldetik igesita egoan emekume bat il eben, bertan, ingurukoeri bildur-ikara aundia sarturik.

Munitibar eta Gerriketze be gogor bonbakatu ebezan egun atan; etsaiak ba-ekien, ba, Markiña-aldetik Gernika-aldera etozan gudariak igaro bear eben bide-kurutzea antxe egoana.

Gernika'n izan zan bonba-erasoari buruz asko idatzi eta esan izan da, mundua-zear, guzur eta abar.

Guzurra izkillu altsua da, izan bere, gero, gudu-aldietan!.

Eta emen egin izan eben egiñen zantar eta zikiñaren errua geuri, euzkotarroi, ezarri gura izan euskuen eta guzur zantar eta iraingarriak zabaldu ebezan Salamanka-irratitik: Agirre'k guzurra diñola, eurak ez ebela erre Gernika, aleman-egontzirik ez atzerrikorik ez egoala España'n, Euskalerri'ak baekiala eurak ango lege-zarreri lotsea dautsena eta abar eta abar, Agirre gure lendakari zintzoa zana zantartzat etsi ebe....

Naiz-ta egontzirik ez geunkana jakin eta ondamen aren lekuko izan, gure arerio menperatzailleak egin izan eben edakunde zitalak eragiñik, ba ziran geu izan giñala Gernika erre genduanak siñistu eben oskil ganorabako batzuk bere.

Aundia izan zan, ba, euren egitada kaxkar baizen ankerra geuri ezarteko egin izan eben guzurrezko zabalketa zikiña.